Euskal Herria

Mendebaldeko Europan, Bizkaiko golkoan, Frantzia eta Espainiako estatuen artean dago Euskal Herria. Egun, Euskal Herriak muga egiten du Biarno, Landak, Kantauri itsasoa, Kantabria, Gaztela, Errioxa eta Aragoirekin.
Euskal Herria osatzen duten herrialde historikoak zazpi dira: Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia. Euskal Herriko hiriburu historiko Iruñea da. Hau izan baitzen, 824 eta 1512 bitartean, euskal lurraldeak bere baitan biltzen zituen Nafarroako Erresumaren hiriburua.
Gaur egun Frantziako Estatuaren antolamenduan, Zuberoak, Lapurdik eta Nafarroa Behereak ez dute onarpen instituzionalik. Frantziako Iraultzaz geroztik, 1790. urtean, Biarnorekin batera, Behe Pirinioetako departamentuaren baitan egon izan dira. Bi mende geroago, 1971.urtean, departamentu honi Pirinio Atlantikoen izendapen berria eman zitzaion.
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia Espainiako Estatuaren barnean daude bi autonomia erkidegotan berezirik: Nafarroa Garaia batetik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa bestetik.
Euskal Herrian hiru milioi biztanle inguru bizi dira, ia 21.000 km2-ko azaleran eta 683 udalerritan banatuta. Euskal Herriaren berezitasun adierazgarriena gure hizkuntza da, euskara.

Jatorria oraindik ezezaguna den arren badakigu Europako hizkuntzen artean zaharrenetarikoa dela, indo-europearren aitzinekoa.
Gaur egun, biztanleen %30a, hau da 750 mila herritar inguru, euskalduna da. Beraz, euskal hiztun komunitateak, gaztelania eta frantsesez hitz egiten dutenen artean talde txikia osatzen du. Hala ere, euskara ez da bakarrik etxe barruko mintzaira. Lekua dauka prentsan, irratian eta telebistan.
Kemen dantza taldeak Euskal Herriaren eta ez beste inongo estaturen ordezkari gisa, hau da estatu gabeko nazio baten izenean, munduan zehar ospatzen diren dantza festibaletara doanean gure herriaren adierazle diren ikurrekin parte hartzen du, hauen artean gure ikurrina, hizkuntza, ereserkia eta nola ez gure dantza bera.