Nafarroako luze-zabalean sortutako dantza ezberdinen errepertorio zabala eskaintzen du Kemenek.
Ingurutxoak
Bikotekako gizarte dantzak dira, borobil irekian gauzatzen direnak ordulariaren orratzen kontrako zentzuan dantzatuz.
Herri bakoitzean burutzen diren dantzek beraien berezitasunak dituzten arren talde handi honetan barnera ditzakegu:
- IRIBASKO INGURUTXOA: Inguruko hainbat herritan ingurutxoak aurki daitezkeen arren, Iribaskoa da guk burutzen duguna. Gaur egun, Ingurutxoaren bukaeran, fandango eta arin-arinari lekua hartuz eta dantza talde askok Imotz-eko esku-dantza dantzatzen dute.
- UZTARROTZ ETA ISABAKO TTUN-TTUN-AK: 40. hamarkadan Erronkariko herri hauetan berreskuraturiko dantzak. Bi dantza izan arren, normalean bateraturik plazaratzen dira.
- AURITZEKO DANTZAK: Galduta egon ziren dantza hauei buruz Aita Donostiak bildu zituen doinuak besterik ez ziren ezagutzen. Hala ere, dantza hauek zenbait auriztarren gogoetan bizirik zirauten eta 70. hamarkadaz geroztik Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak eginiko lanari esker berpiztu ziren. Auritzeko dantza hauekin batera Orbaitzetako bi joku dantza ere burutzen ditugu.
- LARRAIN-DANTZA: Dantza honek oso zabaldurik egon arren, Lizarra herrian du bere jatorria. Urte batzuetan dantzatu gabe egon arren, Lizarrako dantzariek indarberritu zuten XX. mendearen hasieran. Hainbat dantzaren batuketa dela esan dezakegu: Katea, Fandangoa, Baltsa, Jota zaharra, bolerak eta kalejiraz osaturik dagoelarik. Larrain dantzaren musika Lizarrako Julian Romano dultzaineroari zor diogu.
Inauteri Dantzak
- ALTSASUKO INAUTERIAK: Erabat nekazal girokoa den inauteria deskribatzen ari gara. Horrela, joareak, zaldi zurdak, larruak, adarrak, sardeak eta gizarte honetako beste elementuak aurki daitezke. Momotxorroak dira inauteri honetako pertsonai nagusiena, Altsasuko Zortzikotik egokitutako zortziko bat burutzen dute.
- Inauteri honek aurkezten dituen beste pertsonaia batzuk: Momotxorroak, Ereitzea, Bataioa, Ziripotak, Zaharra, Sorginak, hartza, Aguazila eta Maskaritak.
- LANTZEKO ZORTZIKOA: Inauterietan Lantz herrian zehar Txatxoak, Miel Otxin, Zaldikoa, Ziripot eta beste pertsonaiak ibili ondoren, Zortzikoa dantzatzen dute, aldez aurretik Miel Otxin epaitu dutelarik.
- ARIZKUNGO SAGAR DANTZA: Arizkunen inhauteriko asteartean lau gazte eskuetan sagar bana dutelarik dantza egiten dute.Beraien janzkeran nabarmenena, koloredun zintekin hornituta eramaten duten txanoa da. XX. mendeko 3.hamarkadan dantza honen musika eta pausuz baliatuz, sagar dantza izeneko emakumezko koreografia artistiko bat sortu zen. Gaur egun dantza talde askoren errepertorioan dago.
Kemenek, zazpi euskal probintzietako dantzak jorratzen ditu, nahiz eta Gipuzkoakoak bereziki landu.
Urdiaingo Xoxotxo
Ekainaren 23an San Juan Bautista bezperan, tradizioz Urdiain-en emakumeek kantatzen duten ezaugarri errituala duen aintzineko ohitura. Neska gazteek borobil bat osatzen dute eta meza amaierarako piztua egoten den suaren inguruan, izaera majiko-erlijiosoa duen dantza eta abestia egiten dute. Aipagarria da ohitura honen alde Jose Mª Satrustegik eginiko lana.
Makil Jokoak
Euskal Herri osoan zehar hedaturik daude jatorria aintzinean galtzen duten dantza molde hauek, paloteauak edo makil datzak. Kasu gehienetan zortzi dantzarik burutu ohi dituzte, mugimendu koreografiko ezberdinak eginez eta makilak elkarren artean joaz.
- OTSAGIKO DANTZAK: Zaraitzu bailara piriniarrean kokatzen den Otsagiko herrian, Irailak 7 eta 8an herriko dantzari gazteek Muskildako Amari dantzatzen diote. Enperadorea, Katxutxa, Dantza eta Modorro dira makil joko dantzak. “Paloteadoko” dantzekin batera, Paseoa, Pañolo-dantza eta Jota ere burutzen dituztelarik.
- KORTESKO MAKIL-JOKOA: Irailaren 29an, Kortes herriko patroi den San Miguel egunean, dantzariek herriko kaleetan zehar beraien makilak erritmikoki joaz dantzan ibiltzen dira. Azken urteetan neskek zein mutilak osaturiko taldeek dantzatu dute “dance”a. Antzezpen baten baitan, bi makil-joko, zinta-dantzak, kortesia eta paseoz osaturiko dantza multzoa dantzatzen da.
- BERAKO MAKIL-JOKOA: makil joko gehienetan ez bezala hamabi dantzarik parte hartu ohi dute, San Esteban egunez Berako plaza nagusian. Bederatzi makil joko eta sagi dantza batek osatutzen dute zikloa.
Maiatzeko Erregina
Euskal Herriko hainbat herrietan eta Baztango bailaran bereziki maiatzean zehar puska biltza eginez txuriz jantziriko herriko neskatoak ibili ohi ziren, hauek herriaren arabera izen ezberdinak jasotzen zituztelarik: maiak, erregine, maiatzeko erreginak… Eskean egiteko hainbat kopla erabiltzen zituzten eta jota bat dantzatzen zuten.
Baztango Mutil Dantzak
Herriko patroiaren jaietan Mutil Dantzak egiten dituzte Baztango herrietako plazetan. Parte-hartzaileek txapelak eskuetan dituztela “aunitz urtez!” esanez, zirkulu bat osatzen dute. Gero, erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen hasten direlarik. Dantza hauetan egiten diren urratsak xumeak baina aldaera askotakoak dira.
Mutildantzak Baztanen bereziki dantzatzen dira, baina Iparraldeko eta Luzaideko dantza-jauziekin lotura estua dute.
- EURTAKO ZORTZIKOA: J.A. Urbeltz eta Mirian Arregik sorturiko koreografia dugu. Zaraitzu bailarako doinuaz baliatuz eta mutil dantzen pausuaz inspiratuz asmatutako dantza.
Lesakako Dantzak
San Fermin egunean, ezpata-dantzariak, herriko musika bandarekin batera, herritik prozesioan joaten dira makil gurutzea eginez. Eskolttikiara iristean, Onin errekaren bi aldeetan, Zubigainekoa dantzatzen dute. Ondoren, Bandera-Arbola kantuarekin, herriko bandera dantzatzen dutelarik.