BROKEL DANTZA ZIKLOA
Juan Inazio Iztuetak ziklo honen barnean aipatzen dituen dantzak kontuan izanik brokel-dantzaren multzoa ondorengoa litzateke:
- Boastitzea
- Agurra edo erreberentzia
- Makila txikiena
- Brokel-makilena
- Makila handiena
- Belauntxingoa
- Zinta-dantza
Dantzariak, neska zein mutilen 8 edo 12 pertsonako taldeetan bi lerrotan antolatzen dira, aurrean buruzagia dutela eta hainbat talde mugimendu eginez eta zenbaitetan eskuetan dituzten tresnak elkarren aurka joz dantzatzen dute.
Dantza multzo honetaz gain, beste hainbat ere dantzatu izan ohi dira normalean:
- Uztai txikiena
- Uztai handiena
- Pordoi dantza
- Jorrai dantza
SOKA DANTZA
Herri bakoitzeko ospakizun nagusienetan egiten da, patroien omenezko jaietan, Kemenek San Juan bezperan dantzatu ohi du herriko plaza nagusian. Gizonezkoek nahiz emakumezkoek biribilean egiten duten gizarte dantza da. Erloju orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen da, dantza gidatzeaz lehenengo eta azken dantzariak arduratzen direlarik batik bat. Dantzarien araberako soka-dantza ezberdinak bereiz daitezke: gizon-dantza, etxeandre-dantza, neskatxen esku-dantza eta galaien esku-dantza besteak beste.
Soka dantza osatzen duten dantza nagusienak hauek dira:
Aurkez-aurke, banan-banakoa, zubiak, erreberentzia, doinu-zaharrak eta zortzikoak.

DOINU ZAHAR ETA ZORTZIKOAK
Doinu zaharrak eta zortzikoak dantzatzeko erabiltzen diren irizpideak Iztuetak aditzera eman zituen. Dantza hauetan dantzariak koreografia osatu behar du urratsen konbinaketa eginez. Zortzikoen puntu kopurua erregularra den bitartean doinu zaharrena ez. Askotan kantatuak izan ohi dira.
EZPATA DANTZA
Gorputz eguneko eta jai egun nagusietako ospakizunekin loturik dagoen dantza honekin erlazionaturiko beste hainbat dantza aurki daitezke Euskal Herrian eta Europan zehar.
Dantzariak bi taldetan bana ditzakegu, ezpata luzeak eramanez 4 zutabetan lerrokaturik doazenak kapitaina buru dutelarik eta ezpata txikiekin taldearen aurrekaldera igarotzen diren lau dantzariak.

LEGAZPIAKO EZPATA DANTZA
Legazpiko herrian Santa Gurutz egunean burutzen den ezpata dantza. Ezaugarri nagusiena buruzagia igoaz ezpatekin osatzen den arrosa da.
ZUMARRAGAKO EZPATA DANTZA
Zumarragan Santa Isabel eta Andra Mari egunez burutzen den ezpata dantza. Hiru azkendariek banan-banan aldare aurrean belaunikaturik hasi eta ezpata txikiekin jokoa eginez bukatuz dantzatu aurretik, buruzagiak dantzatuko du.
OÑATIKO KORPUS DANTZAK
Oñatin Gorputz egunaren ondorengo igandean burutzen diren dantzak. Taldea buruzagia eta zortzi dantzarik osatzen dute. Dantza nagusiak San Sebastianen zortzikoa, banakoa, launakoa, zortzikoa, makil-dantza eta arku-dantza dira.
TXANTXOAK
Abaltzisketa eta AmezketanInauterietako igandean puska biltzean burutzen den makila-dantza.
AZERI-DANTZA
Adunan San Joan jaietan burutzen den dantza honetan buruzagiak modu egokian ez dabiltzan dantzariak gerriko batez joaz zigortzen ditu.
SORGIN-DANTZA
Lasarte-Orian San Pedro egunean burutzen da. Dantzariak bi lerrotan banatzen dira, batean emakumez jantziriko gizonak, sorginak, eta bestean kapela konikodun gizonak, intxisuak.
LIZARTZAKO DANTZAK
Inauterietako larunbat eta igandean burutzen dira. Puska biltzearen ondoren paseoa, lehenengoa, bigarrena, seigarrena, ostiko-dantza, etxe-dantza, lau ostikoak, azken paseoa, makila-dantza eta pala-dantza egiten dira.

BERASTEGIKO DANTZAK
Bizkaiko dantzen artean burutzen ditugun dantzetan talde nagusi bat aipa genezake lehenik, Durangaldeko Dantzari Dantza.
DURANGALDEKO DANTZARI DANTZA
Dantzari Dantza Bizkaiko Durangaldeko dantza zikloa da. Dantza hauetan zortzi mutilek osaturiko taldeak dantzatu ohi du, hainbat tresna ezberdin erabiltzen direlarik. Herriz-herriko ezberdintasunak badauden arren oinarria bera dela esan daiteke. Dantza multzo honetan burutzen direnak hauek dira:
- Agintariena: Dantzarietako batek herriko ikurra astintzen duen dantza.
- Banangoa, binangoa, launangoa eta zortzinangoa: Hiru zati bereiz daitezke hauetan. Lehenengo eta hirugarrenean talde osoak hainbat mugimendu eta postu aldaketa egiten ditu (zortzinangoak bi zati hauek soilik dauzka) eta bigarren zatian dantzari bakoitzak banaka, binaka… dantzatzen du.
- Arma jokoak: Ezpata Joko Txikia, Ezpata Joko Nagusia eta Makil Jokoa. Hauetan dantzariek hainbat posizio aldaketa egingo dituzte tresnak elkarren aurka joaz.

- Txotxongilo: Teoria batzuk diotenez heriotza eta berpizkundea irudikatzen duen dantza bat.
SOKA DANTZA
Gizonezkoek nahiz emakumezkoek biribilean egiten duten gizarte dantza da. Erloju orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen da. Dantza gidatzeaz lehenengo eta azken dantzariak arduratzen dira batik bat. Gaur egun hainbat zatiz osaturik dago soka dantza: Desafioa, esku aldatzekoa, kontrapasa, zortzikoa, orripekoa eta fandangoa.
Lekeitiko emakumeen aurreskua edo soka dantzak aipamen berezia merezi du hainbat desberdintasun baititu.
LEKEITIOKO KAIXARRANKA
Marinelen Kofradiako maiordomo aldaketarekin dantzari batek kutxa baten gainean burutzen duen dantza.
Bizkaiko dantzen artean beste hainbat ere burutu izan ditugu:
MARKINAKO MAHAI GAINEKOA
XEMEINGO EZPATA DANTZA
ELTZIEGOKO DANTZAK
Herriko zaindari den Plazako amabirjinaren egunean, hau da irailaren 8an, dantzatu ohi da Eltziegon. Dantza hauek 40. hamarkadan buruturiko berreskurapen lanei esker guganaino iritsi dira, gaur egun 8 neskaz osaturiko taldeak eta katximorro batek dantzatzen dituztelarik.
PASACALLES: Irailaren 8an Plazako elizatik parrokiara eta alderantzizko bidean Amabirjinari lagunduz, dantzariek egiten duten dantza
DANZA
4 CALLES
ZUHAITZA: Dantzariek pixkanaka zuhaitzean zintak zintzilikatzen dituzte, azkenik berarekiko erreberentzia burutzen dutelarik.
JOTA
AÑANA GESALTZAKO SAN ISIDRO DANTZA
Dantza hau (txapelekin egiten den jolasa interesgarria izanik), herriko plaza nagusian burutzen da San Isidro bezperan, maiatzaren 14ean beraz.
Dantza honekin batera Jota de La Perra izenekoa ere burutu ohi da.
PIPAONGO DANTZAK
Abuztuaren 16an San Roque egunean eta irailaren 14ean La Cruz jaietan dantzatu ohi dira.
- CASTAÑUELAS: Dantzariek prozesioa herrian zehar laguntzeko erabiltzen duten dantza.
- MAKIL DANTZAK: Dantza bat baino gehiago izango lirateke; El Herrero eta Danza de los Palos. Hauek prozesio eta mezaren ondoren herriko plazan burutzen dira eta musika laguntzeko letra dute.
- ZUHAITZA
BIASTERIKO DANTZAK
- PASACALLES
- ARKU DANTZA
- ZUHAITZA
- JOTA
IEKORAKO DANTZAK
- LA CADENA
URIONAKO MAKIL JOKOAK
LUZAIDE
Dantza multzo hau aratuste edo inauteri garaian dantzatu zen garai batean Nafarroako inguruko haranetako eta iparralde osoko dantza ohiturari jarraituz. Folklorista aditu gehienen ustez, Kristautasun aurreko garaietan Bolant egunean gaur egun ezagutzen den modura (Axeri besta garai baten) neguaren amaiera eta udaberria bazetorrela ospatzen omen zen, Kristautasunari helduta Pazkoaren hasiera eta 40 eguneko baraualdiaren hasiera.
Alabaina, gaur egun, gazte eta herritar asko kanpoan bizi edo lan egiten dutenez, Aste Santura arte atzeratu da ospakizuna, herritarrak berriro herrian batzen diren epea.
Bolanten ohitura hau oso ezaguna zen lurralde osoan zehar, batik bat Izpura, Bidarrai, Baigorri eta Donibane Garazin. Herrialde hauetan Bigarren Mundu Gerratea geroztik galdu izan dira ohitura hauetako asko. Galdutzat eman zen bolanten tradizio hau, mugaz bestaldera Luzaiden mantendu izan da, 60ko hamarkadan berreskuratu zelarik eta gaur egun, inguruko beste herri batzuetara ere zabaldu da.
Aipatzekoak dira dantza hauen interpretazioan bi ezaugarri: Batetik, inauteri segizio den arren, ez da maskarada bat (maskaradaren zentzu osoan). Bestetik, ez dira inauterietako dantzak, nahiz eta garairen batean inauteri garaian kokatu, dantza hauek beste sasoi batzuetan ere dantzatu izan dira.
Kabalkada hauen ordena eta formazioa, oso jerarkizatua da, egitura militarrarekin antzekotasun handiagoa du, inauterietako formazio informal eta anarkikoekin baino.
DANTZAK:
- JAUZIAK
- KONTRADANTZA
- BESTA BERRI
- TOBERAK
- DANTZA LUZE
INAUTERIETAKO DANTZAK
Lapurdiko inauterien barnean, hainbat herritan etxez-etxe eskean ibili ohi den konpartsa pertsonaia ugarik osatu izan dute. Hala nola Banderaria, Kaskarotak, Besta-gorriak, Ponpierak, Kotillun-gorriak eta Jaun eta Andereak.
Eskean doazen bitartean besteak beste makil dantzak, fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte. Hauez gain, Aita Donostiak Soka-dantza, Zapatain-dantza eta beste hainbat doinu ere jaso zituen.
- Irri dantzak
- Bizargin dantza
- Zapatain dantza
KONTRADANTZAK
XIX.mendean zehar, Europan zehar modan jarri ziren dantzak gure herrietan ordurarte dantzatzen zirenei lekua kentzen hasi ziren. Gerora ordea, indarra galduz joan dira, gaur egun herri dantza izatetik, dantza taldeen egitarauen zati izatera igaro direlarik.
JAUZIAK
Jauziak dira, gure artean Muxikoak izenaz ezagutuak, beraien arteko esanguratsuenak hala izena baitu, hauen egitura borobilak erakusten duen moduan Iparraldeko dantzen artean zaharrenak.
Doinuen luzera eta izaeraren arabera Jauzi eta Segidak bereiz daitezke, nahiz eta gaur egun bereizketa hau oso nabaria ez izan.
INGURUTXOAK
Bikotekako gizarte dantzak dira, borobil irekian gauzatzen direnak ordulariaren orratzen kontrako zentzuan dantzatuz.
Herri bakoitzean burutzen diren dantzek beraien berezitasunak dituzten arren talde handi honetan barnera ditzakegu:
- IRIBASKO INGURUTXOA: Inguruko hainbat herritan ingurutxoak aurki daitezkeen arren, Iribaskoa da guk burutzen duguna. Gaur egun, Ingurutxoaren bukaeran, fandango eta arin-arinari lekua hartuz eta dantza talde askok Imotz-eko esku-dantza dantzatzen dute.
- UZTARROTZ ETA ISABAKO TTUN-TTUN-AK: 40. hamarkadan Erronkariko herri hauetan berreskuraturiko dantzak. Bi dantza izan arren, normalean bateraturik plazaratzen dira.
- AURITZEKO DANTZAK: Galduta egon ziren dantza hauei buruz Aita Donostiak bildu zituen doinuak besterik ez ziren ezagutzen. Hala ere, dantza hauek zenbait auriztarren gogoetan bizirik zirauten eta 70. hamarkadaz geroztik Galdakaoko Andra Mari dantza taldeak eginiko lanari esker berpiztu ziren.
Auritzeko dantza hauekin batera Orbaitzetako bi joku dantza ere burutzen ditugu. - LARRAIN-DANTZA: Dantza honek oso zabaldurik egon arren, Lizarra herrian du bere jatorria. Urte batzuetan dantzatu gabe egon arren, Lizarrako dantzariek indarberritu zuten XX. mendearen hasieran. Hainbat dantzaren batuketa dela esan dezakegu: Katea, Fandangoa, Baltsa, Jota zaharra, bolerak eta kalejiraz osaturik dagoelarik. Larrain dantzaren musika Lizarrako Julian Romano dultzaineroari zor diogu.
INAUTERI DANTZAK
- ALTSASUKO INAUTERIAK: Erabat nekazal girokoa den inauteria deskribatzen ari gara. Horrela, joareak, zaldi zurdak, larruak, adarrak, sardeak eta gizarte honetako beste elementuak aurki daitezke. Momotxorroak dira inauteri honetako pertsonai nagusiena, Altsasuko Zortzikotik egokitutako zortziko bat burutzen dute. Inauteri honek aurkezten dituen beste pertsonaia batzuk: Momotxorroak, Ereitzea, Bataioa, Ziripotak, Zaharra, Sorginak, hartza, Aguazila eta Maskaritak.

- LANTZEKO ZORTZIKOA: Inauterietan Lantz herrian zehar Txatxoak, Miel Otxin, Zaldikoa, Ziripot eta beste pertsonaiak ibili ondoren, Zortzikoa dantzatzen dute, aldez aurretik Miel Otxin epaitu dutelarik.
- ARIZKUNGO SAGAR DANTZA: Arizkunen inhauteriko asteartean lau gazte eskuetan sagar bana dutelarik dantza egiten dute.Beraien janzkeran nabarmenena, koloredun zintekin hornituta eramaten duten txanoa da. XX. mendeko 3.hamarkadan dantza honen musika eta pausuz baliatuz, sagar dantza izeneko emakumezko koreografia artistiko bat sortu zen. Gaur egun dantza talde askoren errepertorioan dago.
- URDIAINGO XOXOTXO: Ekainaren 23an San Juan Bautista bezperan, tradizioz Urdiain-en emakumeek kantatzen duten ezaugarri errituala duen aintzineko ohitura. Neska gazteek borobil bat osatzen dute eta meza amaierarako piztua egoten den suaren inguruan, izaera majiko-erlijiosoa duen dantza eta abestia egiten dute. Aipagarria da ohitura honen alde Jose Mª Satrustegik eginiko lana.
MAKIL JOKOAK
Euskal Herri osoan zehar hedaturik daude jatorria aintzinean galtzen duten dantza molde hauek, paloteauak edo makil datzak. Kasu gehienetan zortzi dantzarik burutu ohi dituzte, mugimendu koreografiko ezberdinak eginez eta makilak elkarren artean joaz.
- OTSAGIKO DANTZAK: Zaraitzu bailara piriniarrean kokatzen den Otsagiko herrian, Irailak 7 eta 8an herriko dantzari gazteek Muskildako Amari dantzatzen diote. Enperadorea, Katxutxa, DantzaetaModorro dira makil joko dantzak. “Paloteadoko” dantzekin batera, Paseoa, Pañolo-dantza eta Jota ere burutzen dituztelarik.

- KORTESKO MAKIL-JOKOA: Irailaren 29an, Kortes herriko patroi den San Miguel egunean, dantzariek herriko kaleetan zehar beraien makilak erritmikoki joaz dantzan ibiltzen dira. Azken urteetan neskek zein mutilak osaturiko taldeek dantzatu dute “dance”a. Antzezpen baten baitan, bi makil-joko, zinta-dantzak, kortesia eta paseoz osaturiko dantza multzoa dantzatzen da.
- BERAKO MAKIL-JOKOA: Makil joko gehienetan ez bezala hamabi dantzarik parte hartu ohi dute, San Esteban egunez Berako plaza nagusian. Bederatzi makil joko eta sagi dantza batek osatutzen dute zikloa.
MAIATZEKO ERREGINA
Euskal Herriko hainbat herrietan eta Baztango bailaran bereziki maiatzean zehar puska biltza eginez txuriz jantziriko herriko neskatoak ibili ohi ziren, hauek herriaren arabera izen ezberdinak jasotzen zituztelarik: maiak, erregine, maiatzeko erreginak…
Eskean egiteko hainbat kopla erabiltzen zituzten eta jota bat dantzatzen zuten.
BAZTANGO MUTIL DANTZAK
Herriko patroiaren jaietan Mutil Dantzak egiten dituzte Baztango herrietako plazetan. Parte-hartzaileek txapelak eskuetan dituztela “aunitz urtez!” esanez, zirkulu bat osatzen dute. Gero, erlojuaren orratzen aurkako noranzkoan dantzatzen hasten direlarik. Dantza hauetan egiten diren urratsak xumeak baina aldaera askotakoak dira. Mutildantzak Baztanen bereziki dantzatzen dira, baina Iparraldeko eta Luzaideko dantza-jauziekin lotura estua dute.
- EURTAKO ZORTZIKOA: J.A. Urbeltz eta Mirian Arregik sorturiko koreografia dugu. Zaraitzu bailarako doinuaz baliatuz eta mutil dantzen pausuaz inspiratuz asmatutako dantza.
LESAKAKO DANTZAK
San Fermin egunean, ezpata-dantzariak, herriko musika bandarekin batera, herritik prozesioan joaten dira makil gurutzea eginez. Eskolttikiara iristean, Onin errekaren bi aldeetan, Zubigainekoa dantzatzen dute. Ondoren, Bandera-Arbola kantuarekin, herriko bandera dantzatzen dutelarik.

ZUBEROAKO KADRILAK
Azken urteetan Kemen dantza taldeak bere errepertorioari gehitutako dantza sorta hau, neska mutilek bikoteka dantzatzen dituzten dantza herrikoiek osatzen dute, makil jokoz, muxikoz, kontradantza etabarrez osatuak.
XIX. mendean zehar, Europan zehar modan jarri ziren dantzak gure herrietan ordurarte dantzatzen zirenei lekua kentzen hasi ziren. Gerora ordea, indarra galduz joan dira.
Zuberoako kadrilen barnean kokatzen diren kontradantzak, maskaradarekin batera dantzatu izan dira zenbait urtetan.

MASKARADA
Zuberoako probintzian inauterietan konpartsa berezi bat ibili ohi da herriz herri, antzerki, dantza eta kantuz beteriko eszena ezberdinez osatutako ikuskizuna antzeztuz.
Maskaradan pertsonaia ezberdinak igaroaz joango dira, orokorrean bi taldetan bereiz ditzakegularik :
- Lehenengo taldea “Gorriak” izenaz ezagutzen dena, Txerreroa, Gathuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina, Entsenaria, Marexalak, Kukuieroak, Jaun ta Anderea eta Laborari ta Laborarisa pertsonaiek osatzen dute. Gorrien berezitasun nagusiak dantzarako trebezia, ordena eta itxura ona dira.
- Bigarren taldean, aldiz, “Beltzak”izenez ezagunak diren pertsonaiak aurkitzen ditugu: Buhameak, Khauterak, Txorrotxak, Kherestuak. Pertsonaia hauetatik nabarmentzen dena beraien itxura zikina, disziplina falta eta basakeria dira, hau da, gorrien aurkako ezaugarriak.
Maskaradak bisitatzen duen herriko kaleak goizean goizetik inauteri izpirituz betetzen dira, dantza eta funtzio nagusienak bazkaldu ostean hasiko direlarik; Barrikada jaustia, Aintzina pika, Gabota, Branlea, Maritxalen dantza, Kerestu dantza, Satan-dantza, Txorrotxak, Buhameak, Godaleta, Kauterak…