Urteroko ekintzak

Azken urteetan, Euskal Herriko inauterietako tradizioa zabaltzeko, inauteri asteburuko larunbatean, Irungo kaleak dantza eta musikaz betetzen ditugu. Kemeneko harrobi den Adaxka Dantza Taldeak, Irungo eta Hondarribiko eskoletako haurrek, Euskal Herriko inauteri festetako errepertorioa lantzen dute ikasturtean zehar, beste dantzen artean, eta ikuskizun bihurtzen dituzte Irungo hainbat guneetan.

Adaxka Dantza Taldeak, Kemenen egoitzan bertan, eta Irungo eta Hondarribiko eskoletan ikasturtean zeharreko lana erakusteko, ekitaldi garrantzitsu bat egiten du urtero. Aste Santuaren bueltan, eta urteetako ohituraz Amaia Kultur Zentroan egiten den saio honetan, Euskal Herri osoko dantza, musika eta ikuskizunak taularatzen dituzte 150 haurrek baino gehiagok. 3 eta 4 urteko hasiberrienen ilusio eta jolas-dantzetatik, koxkorrenen esfortzu eta trebetasuna ikusteko aukera paregabea izaten da guraso, familia eta edozein ikuslerentzat orokorrean.

2007an izan zuen sorrera ekimen honek, Kemen Dantza Taldeak eta Hondarribiko Udalak antolatuta. Orduz geroztik, urtero izan dugu, Euskal Herriko eskualde ezberdinetako dantza taldeen dantzaldia ikusteko aukera maiatzean.

Asteburua behar bezala prestatzeko, Larrain-dantza ikastaroa antolatzen da astean zehar; ostiral arratsaldez, euskal folklorearen inguruko hitzaldia izan ohi dugu, euskaldun adituen eskutik; larunbata dantzari taldeen txanda izaten da, beren herriko dantzak plazaratzen dituzte, eta eguna erromeriarekin amaitzen dugu. Igande goizean, Adaxka Dantza Taldeko haurrek ematen diote itxiera dantza asteburuari.

SAN JUAN BEZPERAKO SOKA DANTZA

San Juan bezperako gauean, Irungo San Juan Plazako suaren inguruan hasiera ematen diete Kemen Dantza Taldeko kideek San Pedro eta San Martzialetako jaiei. Dantzariek soka osatzen dute plazan zehar, eta aurreskulari eta atzeskulariak Desafioa dantzatzen diote elkarri. Jarraian, gainontzeko dantzariek Alpargata dantzatzen dute. Ondoren, gonbidatuak agertzen dira plazan, eta ohorezko dantzen ondoren, fandango eta arin-arinarekin ematen dute sua pizteko seinalea. 2022-tik soka dantza emakume zein gizonek berdintasunean dantzatzen dute, genero gabeko jantziak soinean dituztelarik. 

Kemen Dantza Taldeak, 2022az geroztik ezpata-dantza plazaratzen du San Martzial egunaren aurreko igandean. Ama Xantalen ermitatik irten eta hiriko hainbat kaleetan ibiltzen dira. Hainbat geldialditan ezpata-txiki aintzindariek eta buruzagiak Gipuzkoako ezpata-dantza egiten dute eta Irungo bandera ere dantzatzen da. San Juan plazan amaitzen da ibilbidea, bertan, ezpata-txiki aintzindariek Gipuzkoako ezpata dantza egiten dute eta buruzagiak herriko bandera dantzatzen du ezpatez osatutako parrilla baten gainean.  Ezpata-dantza bukatutakoan brokel makilen zikloa dantzatzen dute 

Abuztu bukaeran, Hondarribiako Txistulari Bandak antolaturiko Kontzertu Nagusian parte hartzen du taldeak. Gipuzkoa plazan izan ohi da kontzertua. Betiko abesti eta egungo moldaketak jotzen dituzte, eta Kemenen dantzekin uztartzen dituzte.

Kemen Dantza Taldeak, 2022az geroztik ezpata-dantza plazaratzen du irailaren 9an arratsaldez. Zumarditik aterata Hondarribiko Udaletxean egiten du lehen geldialdia segizioak. Bertan, zinegotzi baten eskutik herriko bandera jaso eta udaletxeko arkupetan bandera dantzatzen da. Jarraian, Gipuzkoa plazara abiatzen da segizioa, eta, azkenik, Arma plazan bukatzen da. Bertan, ezpata-txiki aintzindariek Gipuzkoako ezpata dantza egiten dute eta buruzagiak herriko bandera dantzatzen du ezpatez osatutako parrilla baten gainean. Ezpata-dantza bukatuta, brokel makilen zikloa dantzatzen dute Arma plazan.

Irungo tradizio folklorikoa eta kultura sustatuz, Kemen Dantza Taldeak San Tomas eguneko Urdanibia Plazako ekitaldian parte hartzen du. Lehendabizi, Adaxkako haurrek urtero dantza saio ezberdin bat taularatzen dute, eta eguneko ekitaldiekin amaitzeko Kemenek erromeria eskeintzen du ohikoa den Larrain-dantzarekin itxiera emanez.